XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Edota, bestela, gizonaren gizartezale izateko modua borrokariarena dela.

Biok beti elkarrekin.

Gizona gizon denez gerozko guztian borrokan eta sesioan bizi izandu dela, dirudi.

Giza bizitzaren musika horixe delako, Gipuzkoan borroka eta eztabaidari armonia esaten diote: Armonia franko familian, esaten da, senideak hasarre dabiltzanean.

Hasieratik hasiz.

Hasieran egon, ez Jaungoikorik eta ez parabisurik egon zen.

Askoz seguruagoa dirudi, ordea, hasieran Kain zegoela: bere antzekoak buruan jo eta akabatzen zituen tximu malapartatu bat.

Odol bero eta gaiztoko senide-asasino bat.

Halakoxe aita dugula dirudi.

Gizonaren jatorria argitzen dizkiguten aztarrenak, hezur zaharrak, horixe dira: gizonaren borroken eta hilketen aztarrenak dira, hein berean.

Oraindik ez zegoen gizonik, eta gizonaren lehenagokoak, nolabaiteko pregizakiak, jadanik armak asmatu zituen.

Lehenago, aise, gizona noiz hasten den jakiteko erizpide bezala, tresnen usadioa aipatzen zen.

Tresnarik erabili duena gizona da, esaten zen.

Honez gero erizpide dudagarria da hori.

Adriaan Kortlandt-ek erakutsi duen moduan, xinpantzeak ere tresnak erabiltzeko gauza dira: leopardo bat makilka haizatzeko, adibidez.

Edo eskumenean ez dauden urrutiko platanoak haga batekin biltzeko.

Kaputxino ohi deritzan tximuak ere bai.

Eta, dudarik gabe, hanka biren gainean zutitu zen tximua, gizona izatera baino lehenago heldu zen ehiztari armatua izatera.

Eta inola ere ikaragarrizko ehiztari gaiztoa zen.

Batzuk, lehen gizona kanibala zela pentsatzeraino ailegatu dira.

Dena den, ez zen borrokari makala.

Hori segurua da.

Beraz, zergatik egiten du animalia honek borroka?

Zergatik hartzen du bai gauzei eta bai lagunei buruz borroka postura hori?